XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); eta, bi, abertzale bozkatzen duen gehiengoak euskararen erabilpenari edo euskara sostenganatzeko ahaleginei uko egiten diela, euskal hizkuntzaren aldeko borroka abertzaleen arteko minoria batek daramalarik.

Egoera nolabait laburtzeko; Erdaldunek ez dute euskaraz ikasteko inongo beharrik, eta euskaldunen artean gure hizkuntzaren erabilpena ahul eta herabe da.

Lerratze prozesoan sartuta gaudela ezin daiteke dudan ezar.

2.a. Askok esandakoa errepikatzea baino ezin: egoera politiko-juridikoak euskarari ukatzen dio inongo esparru territorialean nagusia izateko gaitasuna.

Gobernu zentraleen aldetik (Madrilen eta Parisen), euskara erabiltzeko eskubidea gauza pertsonal bat da, norberaren baitan edo eremu txikietan kokatzen den bitartean tolerablea, baina erdaldunentzat beharkizuna bihurtu nahi izatekotan demokraziaren aurkako eraso jasangaitza bihurtzen delarik.

Demokrazia honek, lerratze prozesoa onartzen, laguntzen eta justifikatzen du.

2.b. Aipatutako elementuak banan banan ikertzea sobera luze datorkit...

Lehen puntuan aipatutako faktore zuzentzaileak aipatzea nahiago nuke.

Nere ustez, boluntarismo politikoak eskeintzen digu irtenbide bakarra: hondamendira garamatzan egoera ez da soilki egoera linguistiko hutsa... politika orokor baten atal bat da.

Euskararen aldeko borrokak, beraz, bereiziezinezko bi aurpegi eskeintzen dizkigu: gurea den herria, hizkuntza, kultura eta historia osoarekin bat egiteko afektibitatez guztiz aberatsa den parada bat da; eta sistema kapitalista, estatuaren indarra eta produkzioaren logika lazgarria ulertzeko eta salatzeko estakurua dugu, ezin bestez.

Borroka honen barnean, lehen betekizuna abertzaleei dagokigu.

Abertzale eta euskaltzale terminoak bat egin behar dira, bien artean den zuloa betearazi behar dugu; egunen batean, abertzale guziek euskara erabiliko ba lute, zulotik ateratzeko bidean ginateke.

Horretarako, guztiz premiatsua da presio taldeen eginkizuna, liderrak bultzatzeko, kontradizioak agertarazteko, epelak iratzartzeko, borrokalariak biltzeko.

Bigarren esparru bat dugu posibilitate legal guztiak bururaino eramatea, haien insufizientzia garbiki ager dadin eta lortutakoaz indarrak azkartzeko.

Iraultzaileen lana da borroka linguistikoa borroka iraultzailearen agerpen desberdinekin lotzea, sistema goitik behera aldatuko duen politika baten gabeziaz euskara ez bait da salbatuko.

Norberaren lana, eta kulturan murgilduta daudenean ere, hizkuntzaren gaitasun propioa emendatzea, guztien artean komunikabide egokia izatearen gain (beraz, euskara batua behar dugu), literaturan, teknikan eta gizarte kudeatzean baliosa izan dadin.

Eta hizkuntzari dagokion balore afektibo-ludikoa zaindu behar da, borroka desesperatu honetan sarturik daudenen arteko harremanak aberasgarriak, plazenteroak, betekorrak, gerta dakizkigun.